Lehenengo hitzordua San Pelaioetan izango dugu, Zarautzen. Herritarrek dena emango dute festak kalean bizitzeko, ohiko trajeak jantzita, eta inoiz baino gehiago dastatuko dituzte tokiko produktuak. Halaber, parte hartuko dute ohiko erromerian, Iñurritzako belardian, non zarauztar ugari elkartzen baitira urtero, blusen kuadrillekin batera. San Pelaio jaiak hilaren 26an ospatzen dira, eta, hain zuzen ere, jai horiexek ematen diote hasiera udako denboraldiari herrian.
Bezperan, haurren alardea eta helduen danborrada izango ditugu, eta, gauerdian, San Pelaiori eskainitako ereserkia abestuko dute, egun handiari ongietorria emateko.
Hurrengo egunean, ekainaren 27an, ezkongaiak inguruko baserrietatik ibiliko dira, txistulariak eta eskusoinuak lagun, hurrengo eguneko bazkarirako dirua biltzeko. Tradizio horri “oilasko-bilketa” esaten zaio.
San Martzialak Irunen
Ekainaren 30 guztietan, Irunek armen desfilea egiten du, San Martzial eguna baita, herriko jaia, oroitzeko tropa irundarrek 1522ko ekainaren 30eko goizaldean frantsesei irabazi zietela. Borrokaldia Irungo Aldabe haitzean izan zen, Frantziak Bidasoako muga kontrolatzeko egindako erasoaldietako batean.
Ospakizunerako, Irunek kolore gorria eta zuria hartzen ditu, eta, ekainaren 20tik uztailaren 1era bitartean, egitarau zabala eskaintzen: kontzertuak, haurrentzako jolasak, kirol-txapelketak, erraldoiak eta buruhandiak…