Aste Santu honetan, zatoz Euskadira. Bidaia-plan bat prestatu, bertako hiriak eta kostaldeko udalerri nabarmenenak ezagutzeko. Autoz ordu eta erdian baino gutxiagoan, toki guzti-guztietara joan ahalko zara, eta bakoitzak eskaintzen dituen gauza berezi guztiez gozatu.
Gasteizen, murgildu zaitez hirigune historikoan, Santa Maria katedralerako bisita gidatuekin, ibilbide literarioekin, museo eta erakusketen eskaintza kulturalarekin, naturaz gozatzeko jarduerekin, enogastronomia-eskaintzarekin… Hiriak Helmuga Turistiko Jasangarriaren ziurtagiria jaso du, eta Europako hiriburu berde izendatu zuten duela urte batzuk. Zatoz, eta gozatu bertako bizi-kalitateaz. Aste Santuan, hainbat prozesio egingo dira.
Bilbo da hurrengo proposamena, Basque Fest antolatu baitu Aste Santurako. Jaialdi horrek kulturaren, musikaren, kirolaren eta gourmet gastronomiaren arloko guneak biltzen ditu hiri osoan, baita azoka-eremu bat ere, tradizioa, berrikuntza, artea eta abangoardia bateratu eta, horrela, asaldura etengabean dagoen hiriburu honen eskaintza etengabea osatzeko.
Euskal kostaldearen ertzean, Zarautz daukagu, hondartza izugarri batekin. Aste Santuan, Garagardo Azokaren beste edizio bat egingo da Munoako karpan, eta, besteak beste, kontzertuak egongo dira gauero, haurrak zaintzeko begiraleak egongo dira eguerdietan, eta mus-txapelketa egingo da.
Eta, Kantauri itsasoa atzealdean dela, ez dago Kontxako badia ikustea baino ezer hoberik, Donostian. Nahitaezkoa da baranda ezagunean argazkia ateratzea, natura-agertoki bikaina atzemateko. Halaber, ezinbestekoa da taberna ugarietako batean pintxo bat jatea, parkeez eta naturaz gozatzea, Zurriolako hondartzatik Haizearen orrazirainoko zazpi kilometroko ibilbidea egitea, hiriko auzoak ezagutzea, erosketak egitea edo bisita gidatuetan parte hartu eta Donostiako txokorik garrantzitsuenak ezagutzea.
Egonaldia amaitzeko, zer hoberik Hondarribia eta Irun baino, Frantziatik gertu-gertuan. Hondarribian, Ostiral Santuan, Isiltasunaren prozesio ospetsua egiten da (Gipuzkoan, herri gutxik egiten dute oraindik). Gurutze-bidea lehen orduan hasten da, Errandoneatik Guadaluperantz, hirigune historikoko kale harriztatu zaharretatik. Tradizioak 400 urte baino gehiagoko historia dauka. Arratsaldean, Kristo gurutziltzatua jaitsi ondoren, Isiltasunaren prozesioa hasten da, eta herritarrek isil-isilik hartzen dute parte bertan. Haiekin batera, soldadu erromatarrak, hamabi apostoluak eta kandelak piztuta daramatzaten pertsonak ibiltzen dira. Udal-bandak ixten du segizioa, Chopinen hileta-martxarekin. Pazko-igandean, goizean, Topaketaren prozesioa edo ‘Ttopara’ abiatzen da, eta hogeita hamar minutura amaitzen da, parrokian, meza nagusiarekin.