Pintxoak

Goazen pintxoak jatera.

Gasteizera bazatoz, eskuratu “Izarren gida”.  Kreazio gozo-gozoak dastatzeko establezimendurik onenak nabarmendu dira bertan, eremuz eremu banatuta. Europako Hiri Berdeko sukaldarietako batzuek lehen postuak lortu dituzte estatuko lehiaketetan, pintxo-barrarik onenaren eta patata-tortilla onenaren ataletan.

Donostiako Parte Zaharrak ere gorazarre egiten dio euskal gastronomiaren miniaturako sukaldaritzari. Gutxi dira tentaldi horretan erortzen ez direnak. Gainera, hirian pintxoak egiteko tailer praktikoak antolatzen dira, nahi duenak aukera izan dezan beren errezetengatik ospetsu egin diren taberna eta jatetxe jakin batzuen sekretuak ikasteko. Sukaldari batek gidatutako aurkezpen-teknikak eta aholkuak, pintxorik gozoenak egiteko aukera izan dezazun.

Hondarribian edozein egunetan hurbil gaitezke Marina auzora, arrantzale-auzo zaharrean poteoaren giroaz eta pintxo gozo-gozoez gozatzeko. Irunek ere sukaldaritza bikaina dauka, eta aparteko pintxoak dasta daitezke bertako taberna eta jatetxeetan, baita formatu gozoan ere, bere gozogintza tradizionalaren erakusgarri.

Bilboko erakargarriez gozatu ondoren, bat egin pintxo-ibilbideetako batekin. Hiriak hainbat eremutan eskaintzen ditu, bakoitza bere estiloarekin.

Badira zenbait gune gastronomiko ezinbestean bisitatu behar dituzunak, hala nola Erriberako merkatua eta bertako gastrotabernak, erdialdea (Diputazioa, Ledesma Poza eta Guggenheim gunea…) eta Zazpi Kaleetako mokaduak.

Zarauzko produktuak tabernetan ere dastatu ahalko dituzu, pintxoak jatera joaten zarenean. Eremuko txakolin tradizionalarekin ezin hobeto uztartzen dira. Ardo txuri eta gaztea da, Getariako Txakolina Jatorri Deituraren barruan bildua, eta mahastiak itsasotik gertu egoteak ematen dion zapore berezia duena.

Hori guztia, paisaia mahaira hurbiltzean asmatu duen sukaldaritza bikain baten eskutik. Besteak beste, Arguiñanoren eskutik, telebistako sukaldarietan aitzindaria izateaz gain, Toldotxo pintxoaren egilea ere badena. Etxeko sukaldaritza da, gure tradizioaren berrikuntzan oinarritua baina Itsasoaren eta hondartzaren zaporea gorde duena.