ONGI ETORRI EUSKARAREN HERRIRA! kanpaina Urola Kostara iritsi da, eta uda osoan zehar geratuko da

Ekainaren 17an Ongi Etorri Euskararen Herrira! Kanpaina aurkeztu zen Zarautzen. Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalerrietako turismo eta euskara zerbitzuek sustatuta, Urola Kostako Udal Elkartearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea UEMArekin batera sortutako ekimena da.

Kanpaina honen helburuak bisitariei euskara ezagutaraztea, bisitariarekin elkarreraginean euskaraz aritzea eta euskarazko harremanak areagotzea dira. Horretarako, euskarriak sortu dira bost hizkuntzatan: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta katalana. Euskarrietan euskarazko hitzak edo esapide agertzen dira, bisitariek euskararekin harreman zuzena izan dezaten modu arin eta dibertigarrian. Kanpaina eskualdeko bost udalerrietan zabalduko da eta, euskararekin batera, inguruko turismo-eskaintza zabalaren berri emango du: gastronomia, natura, museoa, kirol eta aisialdi eskaintza.