Bilboko Kalealdia, kaleko antzerki eta arteen jaialdia, irailaren 22tik 27ra egingo da. Bilboko Udalak antolatzen du, eta aurtengoa 21. jaialdia izango da.
Kaleko antzerkia, zirkua, dantza, dantza bertikala, clowna, musika eta instalazio eszenikoak egiten dira ekitaldiaren barruan, eta hiribilduko zazpi gunetan ikusi ahal izango dira: Casilda Iturrizar parkean, Areatzako kaian, Areatzan, Arriaga plazan, Arriaga antzokiaren alboan, Bizkaia Aretoan (UPV/EHU) eta Plaza Barrian.
Guztira, nazioarteko 26 konpainiak 73 emanaldi eskainiko dituzte, eta bestelako 27 ikuskizun ere izango dira. Jaialdiak Estatu mailako hiru estreinaldi eskainiko ditu, Barsanti Cia, Deabru Beltzak eta Mystérieuses Coiffures konpainien eskutik, eta beste hiru estreinaldi Euskadi mailan (Balbàl Company, Claire Ducreux & Toni Mira eta Daraomaï Cie taldeenak).
Emanaldietarako sarrera librea eta doakoa izango da, La Baldufaren “Bye bye, Conffeti” emanaldirako izan ezik, gonbidapena beharko baita. Musukoa beharrezkoa izango da Bilboko Kalealdia 2020ko ikuskizun guztietan.
Informazio gehiago hemen.