Vitoria-Gasteiz

San Pedro Apostoluaren eliza

San Pedro

San Pedro Apostoluaren eliza gotikoa antzina hiria inguratzen zuen harresiari itsatsita eraiki zuten. Hori dela eta, sarrera nagusia albo batean izan zuen, XIX. mendean sarrera berria egin zioten arte.

Eraikin eder honen zatirik handiena XIV. mendekoa da. Gurutze latindarraren formako oinplanoa, gurutzadura eta abside asimetrikoa ditu. Garai bateko portada (Errementari kalekoa) Euskal Autonomia Erkidegoko eskultura multzo ikusgarrienetako bat da. Ama Birjinaren irudia dauka erdian, albo batean Santiago eta San Pedro eta beste aldean San Pablo eta San Joan. Tinpanoan, San Pedroren irudia gailentzen da. Ezin hobeto zizelkatuta daude irudi horiek guztiak.