1936ko irailaren 5ean, Beorlegui koronelaren agindupeko tropa matxinatuek hiria hartu zuten, hainbat astetako erresistentzia, setio eta suteen ondoren. Horren ondorioz, milaka lagunek erbestera jo behar izan zuten. 90. urteurrena dela eta, Irungo Udalak oroimen historikoa bizirik mantentzeko eta gerra zein errepresioa pairatu zuten pertsonak gogora ekartzeko programa bat prestatu du.
Irailaren 3tik 19ra, Carlos Blanco Aguinaga Kultura eta Sormen Zentroak gerraren ondorioz erbestera jo behar izan zuten haurrei eskainitako erakusketa hartuko du. Horrez gain, 40 bat argazki historikok 1936ko Irungo hainbat espazio eta eraikin gaur egungo itxurarekin alderatzeko aukera emango dute.
Programak dibulgazio- eta birsortze historikoko hainbat jarduera ere izango ditu. Irailaren 6an, San Juan plazan, garai hartako hainbat agertoki birsortuko dira, hala nola kanpainako ospitale bat, errekrutatze-bulego bat eta garaiko automobil eta motozikleta batez osatutako ibilgailu-parke bat.