Kutxa-entrega, Hondarribiko tradizio zaharrenetako bat

Urtero egiten da, Santiago egunean

Uztailaren 25ean, Santiago egunean, Hondarribiko tradizio garrantzitsuenetako bat ospatzen da: kutxa-entrega. Zeremonia horretan, San Pedroko itsas gizonen kofradiak ahalordeak transmititzen ditu, eta ekimena desfile batekin iristen da ikusgarritasun-mailarik gorenera, non emakume gazte bat baita arretagune nagusia. Prozesioan, bada, arraunlariek erakundearen egoitza sozialeraino ematen diete eskolta kofradiako abadeei eta ontzietako patroiei.

Egoitzan jada, arraunlariek arku handi bat egiten dute arraunekin, eta buru gainean kutxa daraman gaztea, hain zuzen ere, arku horren erdian jartzen da (kutxa kofradiaren ondarearen ikurra da, bertan gordetzen baitira eskuizkribuak eta ondasunak). Neskak, kutxa buru gainean duela, xal zuri batekin helduta, ahal beste aldiz eman beharko dio bira bere buruari, usadioaren arabera bira-kopuruaren araberako arrakasta izango duelako urte horretako arrantzak.